XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Diskurtso zientifikoek arazo horiei albora eragin dieten bitartean beste gauza batzuei buruz naturaltasun handiagoz hitz egiteko, literaturak urradurarekin bizi izan du kontzientziaren prozesu hori.

Ikuspegi horretan kokatzen da Barthes-en lehen liburua Idazkuntzaren zero gradua (1953), 1947 eta 1950 bitartean Combat aldizkarian agertutako artikulu batzuk jasotzen dituena.

Une horretan jarrera sartrearra eta marxista hartzen du eta forma literarioa (Camus-en Arrotza-n sentimendu bizi bat izan zuen horretaz) konprometatzearen entseiua egiten du, Réponses-en (1971) azaldu zuenez.

Barthes-ek ahaleginak egiten ditu marxismoaren borroka ideologikoa eta kontzientzia literarioa adiskidetzeko, idazlea bere kondizio tragikoaren erdian kokatuz: Historian esku hartu nahi du, baina erantzunkizun formal besterik ezin du izan.

Testua korritzen duen ideia horretatik, Barthes-ek ondorioztatzen du literatura formal huts bat lantzearen premia, idazleak derrigorrean egin behar duena, gaur gaurkoz horixe duela bere benetako gizarte-konpromisoa.

Barthes-en analisiak Idazkuntzaren Historiarako sarrera bat izan nahi du, eta bertan literatura klasikoaren eta idazkuntza modernoaren arteko haustura konplexua ikertzen du: zer elementu sartu diren jokoan, zein den idazlearen eginkizuna eta nola hori guztia gizarte-egoera baten errainu den.

Literatura klasikoa iraganean ainguraturiko formaz markaturik dago eta horiek Letra Ederren ezaugarri dira, eta kanpoko mundua adierazten duen lengoaiaren erabilpen errugabe baten bitartez idazlea bere gizarte-ingurunearekin lotzen dutenak.

Poetika klasikoak arte bati erantzuten dio (hau da, teknika bat praktikan jartzeari); hitzek hautespenezko edukia dute,(...)